Erabiltzailearen esperientzia gozoago egingo duten teknologia berriak dakartza Windows 2000k

Microsoften sistem eragile berria otsaila partean egon liteke dendetan.

Applek duela gutxi aurkeztutako Mac OS X sistema eragile berriaren ildoari jarraiki, PC erabiltzaileen esperientzia askoz atseginago bihurtuko dituen teknologia berriak eskainiko ditu Microsoften Windows 2000k. Azpimarratzekoa da batez ere Active Reset izeneko ezaugarri multzo berria, erabiltzailearen lana errazteko softwarea eta hardware berria uztartzen dituena.

Microsoftek iragarri duenez, bere sistema eragilearen hurrengo bertsioa, Windows 2000, otsailaren amaieran egon liteke salgai Estatu Batuetako dendetan, hile gutxiren buruan gainontzeko nazioarteko bertsio guztiak kaleratuko liratekeela.

Software enpresak prentsa ohar batean jakitera eman duenez, bi dira sistema honek ekarriko dituen berrikuntza teknologikorik handienak: software eta hardware konbinazio batean oinarrituta dagoen Active Reset teknologia alde batetik, eta Appleren baimenaz integratutako AirPort izenekoa bestetik.

Active Reset

Erabiltzaileari lana errazte aldera pentsatutako teknologia da Active Reset, Windows 2000 sistema eragileak softwarean izango duen aldaketa batzuek eta CD-ROMarekin batera banatuko diren 2 hardware pieza berrik osatzen dutena.

Softwareari dagokionez, Windows 2000k askoz errazago jarriko dio erabiltzaileari PCa berrabiaraztea. Izan ere, Windows 95 atera zenetik erabiltzaileek emandako iradokizunetan oinarrituta, Windowsen ataza barrako "Start" edo "Hasi" menuea aldatu egin du Microsoftek, oraindik aurrera "Restart" edo "Berrabiarazi" izena izango duelarik. Saguaren klik bakarra nahiko izango da sistema eragileak huts egiten duenean makina berpizteko. Microsofteko software injineruek adierazi dutenez, "alferrikako lana eman izan diegu erabiltzaileei makina berpizteko Hasi menuko Berrabiarazi aukera bilaraziz. Hemendik aurrera sistema askoz erosoagoa izango da eta berpizteko zein erroreetatik ateratzeko ez da inolako menurik zabaldu beharko".

Hardware aldean, berriz, Microsoftek berak diseinatutako bi periferiko edo osagarri berri dakar Windows 2000k kutxaren barruan. Lehenengoak Reset Gun du izena, eta sistema eragileak erantzuteari uzten dionean makinaren hardware-berrabiaraztea eragiteko balio du, argazkian ikus daitekeenez. CTRL, ALT eta DEL teklei batera eta esku bakar batez sakatzea ahalbidetzea da Reset Gun izeneko gailuaren helburua, eta orain arte Microsofteko laboratorioetan egindako proba guztien arabera, "primerako emaitzak ematen dituela" ziurtatu dute Microsofteko injineruek. "Windows 2000 erabiltzailearentzako askoz ere atseginago bihurtzeko ikerketa sakonen ondorioa" da Reset Gun Microsofteko presidente berri Steve Ballmerren arabera: "Windows 2000rekin amaitu egingo da ordenadorea berrabiarazteko esku biak erabili beharra, sistema eragilearen erabilterraztasuna dezente hobetuko delarik".


Baina Reset Gun ez da Windows 2000ren Active reset hardware bakarra. Horrekin batera, ARK edo Active Reset Keyboard izenekoa ere banatuko du Microsoftek Windows 2000 CD-ROMarekin batera. "ARK datu sarrera gailu berria da, erabat iraultzailea, Windows erabiltzaileentzako ezinbesteko hardware osagarri bihurtuko dena, teklatua eta sagua bezain erabilgarria, edo are erabilgarriagoa akaso", azaldu zuen Ballmerrek. ARK hiru tekla (Control, Alt eta Del) dituen teklatu txikia da, teklatu arruntaren zein saguaren atakan konektatu ahal dena. Injineruek azaldu dutenez, "makina berrienentzako USB bertsioak ere prestatzen ari gara, baina horiek ez dira eskuragarri egongo Win 2K Rev 2 atera arte behintzat".

Hardware pieza berri hauek doan banatuko ditu Microsoftek Windows 2000 erosten duten guztien artean, "gure asmoa, beti izan den bezalaxe, ordenadore erabiltzaileen esperientzia ahalik eta atseginen bihurtzea baita, eta horretarako behar diren ahalegin guztiak egiteko prest baikaude", erantsi zuen Ballmerrek.

MS AirPort


Microsofteko injineruek azaldu dutenaren arabera, beste berrikuntza handi bat izango du Windows 2000k, azken hileotan hainbat lekutan probatzen ibili direna. Appleri baimena eskatu ondoren "guk ez baitugu sekula inoren produkturik erabiltzen bere jabe eta sortzaileen baimenik gabe", AirPort komunikazio teknologia berriaren bertsio propioa garatu du Microsoftek, MS Airport izenpean. Beta fasean dago momentuz MS AirPort teknologia berri hori, eta hainbat enpresatan banatu dira probarako bertsioak. Ondoko argazkian, gabonetan Barajas (Madril, Espainia) aireportuan erabili zuten MS Airport beta lanean jo eta ke. Steve Ballmerren ustetan "gure teknologia berri honek aurrerapausu handia suposatuko du XXI mendeko garraiobide eta komunikazio sistemetan".
Atzera

Euskalbanner
Euskalbanner
© 2000 Hamaika Ikusteko